Kirikiño Ikastolak antolatuko du 2026ko Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen urteroko jaia. Hitzordua 2026ko maiatzaren 31n izango da, Bilbon bertan, eta jaialdi honek Kirikiño Ikastolaren historiarekin eta helburuekin bat egiten du erabat: euskara, hezkuntza, komunitatea eta herrigintza uztartzen dituen proiektu bizia izango da.
Ibilaldiaren 48. edizioa Bilbora itzuliko da
1978az geroztik ospatzen den Bizkaiko ikastolen jaia da Ibilaldia, eta 1980tik urtero egiten da etenik gabe. 2026koa 48. edizioa izango da, eta Bilbok hartuko du lekukoa, azken aldiz 2022an izan zen bezala. Hala ere, ia 40 urte igaro dira Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxuko kaleetan ospatu zenetik. Orain, auzo horiek berriz ere euskararen eta euskal kulturaren epizentro bihurtuko dira.
Baina Ibilaldia ez da egun bakarreko ospakizuna. Urte osoko dinamika eta parte-hartze prozesua da, euskara ardatz hartuta eta komunitatea aktibatuz. Kirikiñok argi dauka: herritik eta herriarentzat egingo den jai parte-hartzailea izango da.
"HIRI KIRIBILI BIL!": leloa eta logoa, guztion artean sortuak
2026ko Ibilaldiak "HIRI KIRIBILI BIL!" leloa izango du. Hitz joko dibertigarri eta esanguratsu hau Kirikiño Ikastolako komunitateak berak sortu du: haur, familia eta langileen arteko sormen-prozesu kolektibo baten emaitza da.
Leloak Bilbo hiriaren izaera, mugimendua, aniztasuna eta etorkizuneko ikuspegia uztartzen ditu.
Euskara Bilbo hirian zabaltzea eta erdigunean jartzea dira asmo nagusiak, eta horri egin nahi dio erreferentzia leloak HIRI eta BIL hitzak erabilita. Gainera, KIRIBIL hitzak espirala esan nahi du, buelta bakoitzean euskararen aldeko urrats berria ematen duen kiribila. Halaber, Ebaristo Bustinza "Kirikiño" idazle eta kazetariari omenaldia egin nahi zaio, "Kirikiño" eta "Ibilaldia" hitzak batuta eta hitz joko dibertigarria osatuta, "i" bokalak baino ez dituena.
Logoaren diseinuak ere kolorea, dinamismoa eta poza transmititzen ditu. Patinete baten irudia agertzen da erdian, mugikortasun jasangarriaren sinbolo gisa, eta kolore alaiak erabiltzen dira: horia, korala, urdina, berdea eta beltza.
Helburu argiak eta errotutako balioak
Kirikiño Ikastolak 2026ko Ibilaldia hiri osoa euskalduntzeko aukera paregabea bezala ikusten du. Euskararen erabilera zabaltzea, hezkuntza eraldatzailea sustatzea, komunitatea aktibatzea, eta parekidetasuna, inklusioa eta jasangarritasuna praktikan jartzea dira egitasmoaren oinarriak.
Ibilaldiaren bidez, Kirikiño Ikastolaren proiektua sendotu nahi da, baita Txurdinaga, Otxarkoaga, Begoña eta Santutxun duen errotzea ere, eta, aldi berean, Bilbo osoarekin konektatuz.
Kirikiño Ikastola; herritik sortutako hezkuntza proiektua
Kirikiño Ikastola 1970eko hamarkadan sortu zen, euskararen aldeko apustu argi baten bidez. Hasierako urteetako ausardia eta auzolana gau egun arte iritsi dira, eta belaunaldi askoren esfortzuari esker Kirikiño Bilboko euskarazko hezkuntzaren erreferente bihurtu da.
"Euskara sustraietatik eraikitzen" da Kirikiño Ikastolaren leloa, eta 2026ko Ibilaldia izango da gure hizkuntza eta balioekin konpromiso hori erakusteko aukera bikaina.