Skip to main content

Ikastolara heldu da EuskarAbentura!

Aurton ere EuskarAbenturako gazteek Kirikiño Ikastolan egingo dute espedizioaren azken gaua.

2025eko argazkia

EuskarAbentura Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko 130 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramaten dituen oinezko espedizioa da.


Zortzigarren aldi honetan 130 gaztek Euskal Herri osoa hilabete bakar batean zeharkatuko dute, Atharratzen (Zuberoa) hasi eta Getxon (Bizkaia) amaituz. Aurton 45 bizkaitar, 29 gipuzkoar, 26 nafar, 13 arabar, 7 lapurtar, 6 baxenabartar eta zuberotar 1 izango dira.


Espedizioko gazteek gure ikastolan pasako dute azken gaua, ibilaldi neketsuari amaiera emanez. Kirikiño Ikastolako komunitate osoaren izenean ongi etorria eta harrera beroa egiteko, Euskara taldeko ikasleak eta Berbalaguneko gurasoak bertan izango dira, bi proiektu horien berri eman eta EuskarAbenturak ikastolaren babesa eta besarkada erraldoia jaso dezan.


Ikastolak bezala, EuskarAbenturak gazte euskaltzaleen sarea sortzea du helburu, etorkizuneko gazteek euren arteko harremanak euskaratik eta euskaraz sortu ditzaten, Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko zein kulturala ezagutu dezaten eta parekidetasuna, bizikidetza, ingurumenarekiko errespetua eta euskaltzaletasuna bezalako balioetan hezi daitezen.


Zorionak EuskarAbenturako lantalde osoari, euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren alde egiten duzuen lan guztiagatik.


Ongi etorri Bilbora, ongi etorri Kirikiño Ikastolara!

 

 

Azken albisteak

EuskarAbenturako 130 gaztek Kirikiño Ikastolan egingo dute espedizioaren azken gaua, Atharratzetik Getxora Euskal Herria oinez zeharkatu ondoren. Ikastolako Euskara taldeko ikasleek eta Berbalaguneko gurasoek harrera beroa…
Lehen aldiz antolatu den “Euskara Mila Koloretan” pintura lehiaketak artea, euskara eta komunitatea batu ditu Ibilaldia 2026ren baitan. Haur, gazte eta helduek euren sormenaren bidez islatu dituzte Ibilaldiaren giroa, euskal…