Euskaraldia Kirikiño ikastola

Gero eta hurbilago dago Euskaraldia hasi eta bakoitzak hautatutako rola praktikan jartzeko unea. Eguna heldu bitartean, bestalde, hamaika gauza egin ditzakegu…

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala da. 2018an egin zen lehenengo aldiz, eta orduan norbanakoengan jarri zen fokua. 2020an, aldiz, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta ahobizi eta belarriprest bezala parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere egongo da, ariguneen bidez.

Izena emateko euskaldia.eus atarian sartu eta “EMAN IZENA” botoia sakatu behar da.

Rolak

Euskaraldian parte hartzeko hainbat modu dago. Norberak aukeratu dezake bere rola, eta horren arabera jokatu. Ondorengoak dira norbanako moduan aukeran dauden bi rolak:

  • Ahobizi: Rol hau hartzen dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin egiten dute euskaraz, elkarrizketa elebidunetan ere. Modu horretan, beti euskaraz izandako elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako batzuk euskaraz izatea lortuko dute.
  • Belarriprest: Rol hau hartzen duenak ez du egingo euskaraz ulertzen duten guztiekin, baina berari dakiten guztiek euskaraz hitz egiteko eskatzen du. Gonbitea egingo die euskal hiztunei berarekin euskaraz hitz egin dezaten. Bstelade, belarriprest rola hartzen dutenek, beren gaitasun eta aukeren arabera erabakiko dute euskaraz noiz egin.

Horrez gain, aurtengo Euskaraldian aringuneen bidez ere hartu daiteke parte.

Kirikiño Ikastola arigunea da

Aurtengo edizioan, entitateek parte hartu dezakete Euskaraldian, ariguneen bidez. Eta horrela egingo du Kirikiño Ikastolak ere.

Mota guztietako entitateek hartu dezakete parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak…). Ariguneak, finean, euskaraz aritzeko guneak dira. Hortaz, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro.

Bertako kideek ahobizi eta belarriprest modura hartuko dute parte Euskaraldian, baina modu kolektiboan gauzatuko dute ariketa. Helburua, noski, entitate horien harremanetan euskararen erabilera handitzea da.

Oraindik egun batzuk geratzen dira Euskaraldia hasteko, baina badira heldu bitartean egin ditzakezun hainbat gauza…

Euskaraldia hasi bitartean egin ahal dituzun gauzak

  • Izena eman: Izena emateko epea zabalik dago jada. Beraz, hortik has zaitezke. Horretarako, euskaraldia.eus atarian sartu eta “eman izena” botoia sakatu. Hainbat galdera erantzun beharko dituzu: ahobizi edo belarriprest izan nahi duzun, izen-abizenak, jaioterria, adina… Dena betetzen duzunean, bidali, eta kitto.
  • Dendako produktuak ere salgai daude dagoeneko, denda.euskaraldia.eus webgunean. Bertan eskuratu ahal dituzu kamisetak, poltsak, amantalak…
  • Banderatxoa ere eros dezakezu. Izan ere, aurten ekimena ikusgarriagoa egiteko etxeetako balkoi eta leihoak “Gehiago, Gehiagorekin, Gehiagotan” lelodun banderarekin jantzi nahi ditu Euskaraldiak.
  • Telefonorako aplikazioa deskargatu dezakezu. Horretarako, esteka honetan sakatu eta aukeratu android edo iphonerako bertsioa nahi duzun. Aplikazioak Euskaraldian izena emateko aukera ematen du, euskaraldiaren inguruko azken berriak irakurri daitezke, aringuneak mapan identifikatu, irudiak partekatu…
  • Oraindik zalantzarik baduzu, lasai. Maiz egindako galderak birpasatu ditzakezu hementxe sakatuta: MEG.  
euskaraldia 2020 - Kirikiño Ikastola