2026ko Ibilaldiak berrikuntza esanguratsua ekarriko du: lehen aldiz, “Euskara Mila Koloretan” pintura‑lehiaketa egingo da, helduentzat zein haurrentzat. Ekimena maiatzaren azken asteburuan garatuko da, Ibilaldia ospatuko den asteburuan bertan: maiatzaren 30ean, haur eta gaztetxoen txanda izango da, eta maiatzaren 31n, Ibilaldiaren egunean, helduena.
Kirikiño Ikastolak sustatutako proposamen honen helburua argia da: euskararen aldeko jaiaren giroa, euskal kultura eta komunitatearen bizitza sormenaren bidez islatzea, eta artea jaialdiaren parte aktibo bihurtzea. Ekimenak Ibilaldia adin guztietarako espazio sortzaile eta parte‑hartzaile gisa sendotu nahi du.
Helduentzako lehiaketa: sorkuntza zuzenean aire zabalean
Helduentzako pintura‑lehiaketa maiatzaren 31n egingo da, Ibilaldiaren egun berean. Parte‑hartzaileek Ibilaldiaren esparruan bertan margotuko dute, unean bertan sortutako lanekin, jaialdiaren giroa, paisaiak eta bizipenak zuzenean jasoz.
Lehiaketa banakakoa izango da eta parte-hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du. Gehienez, 100 lagunek hartu ahal izango dute parte. Izen‑ematea egunean bertan egingo da, era berean, aurrez izena emateko aukera irekita dago apirilaren 27tik maiatzaren 10era.
Jardunaldia 11:00etatik 17:00etara luzatuko da, eta lanak epe horren barruan entregatu beharko dira. Ondoren, hiru kidez osatutako epaimahaiak baloratuko ditu, eta 18:00etanemango da erabakiaren berri.
Haurren eta gazteen lehiaketa: sormena norberaren erritmoan
Lehen edizio honetan, haur eta gaztetxoentzako lehiaketa bereizia ere antolatuko da, maiatzaren 30ean, Ibilaldiaren bezperan.
Kategoria honetan, parte-hartzaileek aurrez jasotako laminetan egingo dituzte margolanak, bakoitzak bere erritmoan eta nahi duen teknikarekin. Laminak maiatzaren 18ko astean banatuko dira (ikasleen kasuan, tutoreen bidez; eta DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, Kirikiño Ikastolako idazkaritzan).
Behin lanak eginda, maiatzaren 30ean bertan entregatu beharko dira Kirikiño Ikastolan, 17:00etatik 18:00etara bitartean. Epaimahaiak balorazioa egin ondoren, 19:00etan egingo da sari banaketa.
Gainera, aurkeztutako lan guztiak -sarituak zein ez- ikusgai egongo dira Ikastolan, bai egun horretan bertan, bai Ibilaldiaren egunean, ekimenari dimentsio kolektibo eta erakusgarri bat emanez.
Ibilaldia kolorez, euskaraz eta sormenez
"Euskara Mila Koloretan" ekimenak Ibilaldia beste maila batera eramaten du, kultura, sormena eta parte‑hartzea uztartzen dituen topagune bihurtuz. Aurtengo edizioak aukera emango du Ibilaldia ikuspegi pertsonal eta kolektiboetatik bizitzeko, kolorez, euskaraz eta artez.
Lehiaketen oinarriak eta izen‑emateari buruzko informazio guztia eskuragarri dagoIbilaldiaren webgunean, Euskara Mila Koloretan atalean.
Kirikiño Ikastola