Skip to main content

“Herria dantzan, Ibilaldia martxan”: martxan jarri dugu Ibilaldia 2026!

Euskal kulturaren adierazpenak eta parte-hartzea izango dira protagonista maiatzaren 8ko programazioan

mai 8

Kirikiño Ikastolan badugu zer ospatua eta zer partekatua: Ibilaldia 2026 gero eta gertuago dugu, eta bide horri hasiera emateko, “Herria dantzan, Ibilaldia martxan” ekimena antolatu dugu datorren maiatzaren 8rako. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Bilboko Uribitarte euskal kulturaren eta giro onaren topagune bihurtuko dugu.

Ekimena Ibilaldia 2026ren motorrak berotzen hasteko sortu dugu, baina, batez ere, komunitatea aktibatzeko eta elkarrekin gozatzeko. Horretarako, askotariko jarduerak prestatu ditugu, publiko guztiei irekiak, eta hiru gunetan banatutako egitarau dinamiko batekin.

 

Arratsalde osoa, hiru gunetan

18:00etan emango diogu hasiera festari Ramon Rubial parkearen plazan (Guggenheim eta Zirgarien plazaren artean). Lehen doinuak txalapartaren eta adarren eskutik iritsiko dira, eta pixkanaka giroa berotzen joango gara: txistulariak, Peñagarikano bertsolaria eta Agurra dantza izango ditugu protagonista. Une berezia izango da, izan ere, Ibilaldia 2026rako sortu dugun abestiaren koreografia partekatua ikusteko aukera ere izango dugu.

18:45 aldera, festa Isozaki Dorreen ondoko Bizikidetasun plazara mugituko dugu. Bertan, gure ikastolako abesbatzak emanaldia eskainiko du, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek “Aldapeko” abestia kantatuko dute. Une hunkigarri eta parte-hartzailea sortu nahi dugu, publikoarekin batera bizitzeko.

Iluntzearekin batera, jaia Pio Baroja plazara eramango dugu, eta bertan erromeria giro betean murgilduko gara. Trikitilariek dantzarako gonbita luzatuko dute, eta DJ Kaktusek erritmo garaikideak jarriko ditu. Gainera, Ibilaldia 2026ko koreografia berriro dantzatuko dugu, gero eta gehiago izan gaitezen pausoak elkarrekin egiten ditugunak.

 

Kaleak bizirik, komunitatea martxan

21:30 aldera emango diogu amaiera festari, baina arratsalde osoan zehar kaleak bizirik egongo dira: zanpantzarrak, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak Abandoibarran barrena ibiliko dira giroa pizten. Eta, noski, gurekin izango da Kiriki, gure panpina maitea, jai giroan murgilduta.

Maiatzaren 8an hitzordu berezia dugu. Zatoz, parte hartu, eta jar dezagun elkarrekin martxan Ibilaldia 2026!

Azken albisteak

Lehen aldiz antolatu den “Euskara Mila Koloretan” pintura lehiaketak artea, euskara eta komunitatea batu ditu Ibilaldia 2026ren baitan. Haur, gazte eta helduek euren sormenaren bidez islatu dituzte Ibilaldiaren giroa, euskal…
Ikastolatik hirira, eta hiritik Euskal Herrira: Ibilaldia iruditan
Euskalgintza sozialaren eta erakunde publikoen arteko indarrak batzera deitu dute ikastolek, euskararen biziberritzean jauzi berri bat egiteko.