Skip to main content

24. Korrika

Kirikiño Ikastola Korrikan: komunitatea euskararen alde martxan

korrika

Aurten, Bilbok une berezia biziko du euskararen aldeko bi ekimen handi hartuta: Korrikaren amaiera eta Ibilaldia 2026 gure hirian ospatzea. Testuinguru honetan, Kirikiño Ikastolatik ere bat egin dugu ilusioz eta indarrez euskararen aldeko mugimenduarekin.

Azken egunotan, ikastolan Euskararen Astea ospatu dugu, eta ikasleek hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izan dute. Besteak beste, Korrika Txikian eta Korrika Gaztean aritu gara, beste ikastetxeetako lagunekin batera, giro paregabean eta euskararen aldeko mezua zabalduz.

Hurrengo hitzordu nagusia apirilaren 29an izango da. Egun horretan, 24. Korrika Bilbora helduko da eta Kirikiño Ikastolak bere lekukoa eramango du Enrike Ibarreta kalean (Santutxu), zubia igaro ondoren, Santutxurako noranzkoan. Gure zatia 3400. lekukoa izango da, eta komunitate osoari dei egiten diogu gurekin batera korrika egitera.

Ikasle, familia eta langileak elkartuta, Ibilaldiko arropa eta zapi urdina jantzita, giro koloretsu eta alaia sortzea dugu helburu, gure ikastolaren presentzia indartuz eta euskararekiko konpromisoa agerian utziz.

👉 Hemen elkartuko gara: Enrike Ibarreta eta Cocherito de Bilbao kaleen arteko plazan 👈

Irudia
mapa

Eguna: Martxoak 29, igandea

Elkartze ordua: 10:20

Lekukoa hartzeko ordua: 10:43 

Oharra: Ibilaldiko arropa eta zapi urdina janztera animatzen zaituztegu, giroa sortu eta ibilaldiko presentzia indartzeko!

Irudia
petoa

Korrikaren amaiera Bilboko Udalean izango da, 12:15ak aldera iristea aurreikusten delarik. Ondoren, ospakizunak Alde Zaharrean jarraituko du, euskararen aldeko jai giroan.

Kirikiño Ikastolatik, berriro ere, gonbidapena luzatzen dizuegu:
etorri, parte hartu eta bizi Korrika gurekin!

Tipi-tapa, tipi-tapa… Ko-rri-ka!

 

Azken albisteak

Lehen aldiz antolatu den “Euskara Mila Koloretan” pintura lehiaketak artea, euskara eta komunitatea batu ditu Ibilaldia 2026ren baitan. Haur, gazte eta helduek euren sormenaren bidez islatu dituzte Ibilaldiaren giroa, euskal…
Ikastolatik hirira, eta hiritik Euskal Herrira: Ibilaldia iruditan
Euskalgintza sozialaren eta erakunde publikoen arteko indarrak batzera deitu dute ikastolek, euskararen biziberritzean jauzi berri bat egiteko.