Skip to main content

Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoa

Ikastola aldizkariaren 250. alean Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoa aztertzen da. Hezkuntza Legearen lehen zirriborroak irakaskuntzaren doakotasuna arautzen du. Gaur gaurkoz, ordea, ezinezkoa da, ikastolen irakaskuntza gastuen %70a soilik estaltzen duelako Administrazioak. Beraz, Administrazioaren ekarpenak handitzen diren heinean, joango dira gutxitzen gurasoen ekarpenak.

2022/12/22
aldizkaria

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legearen lehen zirriborroaren 34. Artikuluak doakotasun bermea arautzen du, eta horrek zalantza eta galdera asko sortu ditu gure komunitatean.

Horren aurrean, lehenik eta behin baieztapen bat egin nahi dugu: ikastolak irabazi asmorik gabeko erakundeak gara; alegia, gure helburuetan ez dago, eta ez da egongo, dirua irabaztea, baizik eta gure funtzionamendurako, gure seme-alabek irakaskuntza duin bat jaso ahal izateko, behartigen diren baliabideak edukitzea. Orain arte ikastoletan kuotak kobratu baditugu, izan da Administrazioak gutxieneko zerbitzu horiek bermatzeko diru nahikorik ez duelako jarri. Eta hau ez da guk esaten gauza bat, datu enpirikoa baizik. Hezkuntza Sailaren aurrekontuak begiratu besterik ez dugu egin behar datuok baieztatzeko. Aspalditik mahai gainean dagoen datua honakoa da: Ikastoletako irakaskuntza gastuetatik Administrazioak %70 inguruan estaltzen du; gainerako familien artean ordaindu behar izan dugu. Alegia, Administrazioak egiten ez zuena guraso guztien artean egin behar izan dugu.

Eta oran zein da aldaketa? Hasieran aipatutako 34. Artikuluak segidakoa esaten du: "Hezkuntza-administrazioak baliabide publikoak jarri behar ditu derrigorrezko eta doakotzat jotako irakaskuntzak doakoak izan daitezen". Beraz, DIRUDIENEZ, administrazioa prest dago ikastolen eskuetan derrigorrezkoa den irakaskuntza dohain izateko behar diren baliabideak jartzeko.

Eta hemen dato lehenengo eta oinarrizko zalantza: Noiz izango da hori? eta, horrekin batera, Administrazioak zenbat diru aurreikusten du doakotasun hori bermatzeko? Nahikoa izango da ikastoletako irakaskuntza gastuak osorik estaltzeko? Ez dakigu; ez dakigun bezala krisi ekonomiko baten testuinguruan Administrazioak aurreikusitakoa mantenduko duen ala ez. Honen aurrean, ikastolok eta ikastoletako familiek jarraitu beharko dugu Administrazioak finantzatzen ez dituen kostuak estaltzen, gure ekarpenen bidez. Noiz arte? Ikastolen aldetik aipaturiko doakotasuna lehenbailen izatea espero eta nahi dugu, baina, Legearen zehaztapen faltaren ondorioz, ezin esan noiz izango den.

Horrez gain, beste zehaztapen txiki bat egitea ere ezinbestekoa iruditzen zaigu: doakotasunaz hitz egiterakoan, ez da hitz egiten ikastola edo ikastetxe batean dauden kostu guztiez, baizik eta eskolak emateko behar den finantzazioaz (langile kostuak,  funtzionamendukoak, hornidurak...), baina ez horrekin batera egon daitezkeen beste gastuez (inbertsioak, garraioa eta jangela, liburuak, eskolaz kanpoko jarduera...). Bigarren ataleko gastu horiek erabiltzaileek, eta kasu honetan ikastoletako familiek, ordaindu beharko dituzte, teorian beste gainerako ikastetxeetan bezala (edozein saretakoa izanik ere).

Ikastolok, alde horretatik, garbi dugu: alde batetik, Administrazioak egiten dituen ekarpenak handitzen diren heinean, gurasoen ekarpenak gutxitzen joango dira; eta, bestetik, irabazi asmorik gabeko entitateak izanik, familia guztien ekarpenak ikastolaren funtzionamendurako erabiliko dira soil soilik, orain arte erabili diren bezala.

 

ITURRIA: Ikastola aldizkaria (250), 2022ko urria.

Azken albisteak

2024-04-18
Aurten ere, ikastolako kiroldegia alokatzeko aukera dago. Bertan, saskibaloiko zelaia, futboleko zelaia eta eskupilotan aritzeko guneak ditugu, harmailak eta aldagelez gain.
2024-04-16
Apirilaren 25ean, 18:30ean, Haurren tratu txarren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Kiroleko haur eta nerabeentzako ingurune seguruei buruzko jardunaldia antolatu dute San Mames zelaiko "Iparra A
2024-04-15
Ikastolen Elkartea osatzen dugun ikastola guztiak ekainaren 22an 7. Batzarra izango dugu. Bertan, ikastolak etorkizunera begira izango duten bide-orria eta helburu berriak aurkeztuko dira.