
Azaroa bukaeran jantokian neurketa berezi bat burutu genuen Agenda 2030eko Ekotaldearen eskutik gure ikastolako elikagaien aprobetxamendua hobetzeko asmoz: xahutzen diren jakien hondakinak pisatu zituzten. Neurketa horren emaitzak aztertu ditugu eta horren gaineko hausnarketa egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Izan ere, neurketa horren datuen arabera, ikasle bakoitzaren batazbesteko jakien eguneko xahuketa 74,03g-koa da. Datorren astean bigarren neurketa bat burutuko dute, hobekuntzarik egon den ikusteko.
Antzeko neurketak egin dira beste zentro eta erkide batzueetan eta alderaturik, konturatu gara Kirikiño ez dagoela batere txarto kokaturik; alderantziz, gure batazbestekoa baxuenetarikoa da.
Datu hauek abiapuntu bikaina dira hobekuntza berriak egiten jarraitzeko, eta horretarako, guztion parte-hartzea ezinbestekoa da. Ikastolan argi dugu jasangarritasuna ez dela ekintza isolatu bat, baizik eta gure eguneroko jardunaren parte. Horregatik, jantokian aldaketa batzuk egiten hasi gara, eta ikasgeletan ere hausnarketa eta sentsibilizazio-lana sustatzen ari gara irakaslegoarekin. Lanketa horren barruan, jantokian ez geratzekotan, egunean baja garaiz ematearen garrantzia azpimarratzen dute, bestela, menu guzti horiek oso osorik alferrik galtzen dira.
Bestalde, zuen laguntza ere behar dugu! ENRAIZA elkartearekin elkarlanean, familiei aste betez etxeko elikagaien soberakinen jarraipena egitea proposatzen dizuegu. Esperientzia hau aukera bikaina izan daiteke etxean ere ohitura jasangarriagoak lantzeko eta elikagaien balioaz gehiago jabetzeko.
Gainera, parte-hartzaile guztiek Saski Ekologikoen zozketan sartzeko aukera izango dute!
Erronkari buruzko informazio gehiago eta galdetegia betetzeko aukera hemen: GALDETEGIA
Ekimen hau Europako Batzordeak eta European Health and Digital Executive Agency (HADEA) erakundeak finantzatzen du (ekimen honi buruz gehiago jakiteko sakatu hemen), eta gure konpromisoaren adibide argia da: elkarrekin, elikadura jasangarriago bat eraikitzen ari gara!