Ikastolako irakasle den Oihana Iturrino Bustinduik artikulu bat idatzi du jai honi buruzko jatorria eta ezaugarriak aztertzeko. Horrez gain, eskolan nola landu daitekeen proposatu du. Berak emandako hainbat azalpen agertuko dira ondorengo lerroetan.
Oihanaren artikulua Hik Hasi aldizkariko urriko zenbakian argitaratu da.

Gau Beltza, Arimen Eguna edota Halloween, gure eta umeen begien aurrean berpizten ari den tradizio bat da, eta era berean, eraldatzen. Dena den, ez daukagu oso argi Euskal Herriko ohitura bat den, edo estatubatuarrek inposatutako zerbait den. Edozelan ere, umeentzat erreferente bihurtu da, eta ospatzeko jaitzat hartzen dute.

Lehenik eta behin, komenigarria da kultur-ondarea transmititzearen garrantzia azpimarratzea. Urriaren 31a neguko jaien zikloari hasiera ematen dion jaia izan da Europa osoan, eta hilen eguna ospatzeko egiten da, Euskal Herrian barne. Beraz, gure kultura-ondare da, gure oinordekotza.

Eskolak badu horren transmisioan funtzio eta ardura inportante bat. Izan ere, hainbat faktore direla eta (globalizazioa, belaunaldien arteko etena, mugikortasunak…), esan daiteke gaur egun ez dugula gure herria lehen bezain ondo ezagutzen, eta ia-ia gehiago dakigula kanpokoaz hemengoaz baino. Noski, ez da eskolak bakarrik egin beharreko lana, beste erakundeekin aritu behar du: familia, udala, hezkuntza ez-formaleko zentroak…

Arimen Eguna edo Gau Beltza ospatzeko ere, badago hainbat baliabide eskolan lantzeko. Adibidez, eske-errondetan, eskeko esaerak eta kopla zaharrak azaltzen dira. Herritik sortuak dira, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira. Beraz, ahozkotasuna lantzeko oso aproposak dira.

Horrez gain, doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeko ere balio du jai hau ospatzeak. Izan ere, heriotza gaur egungo gizartean tabu bilakatu den arren, unibertsala eta saihestezina da, eta jai honekin lotuta dago zuzenean, hildakoei eskainitako eguna baita.

Eskolan Arimen Eguna edo Gau Beltza lantzeko hainbat jarduera didaktiko

  • Eskerako ibilbidea: Ibilbide bat prestatu behar da, eta eske-errondako ibilbidearen mapa sortu behar da. Horrela, herriaren planoa eginez, ingurukoa hobeto ezagutuko dute ikasleek, baita herriko auzo eta biztanleria ere.
  • Lekukotasunen bilketa: Egin behar dena da Euskal Herrian Arimen Egunez egiten ziren kalabaza-jolasen berri jasotzea. Horretarako, aiton-amonen haurtzaroko jolasei buruzko informazioa jasoko dute ikasleek, gure ondare historiko eta kulturala ezagutzeko: ohiturak, tradizioak, kultur-adierazpenak…
  • Koplatxo-esaera:  Ikasleek Arimen Eguneko eskaeretako euskarazko esamolde bat buruz ikasi behar dute, eta besteei aurkeztu. Ahozko hizkuntza eta literatura landuko dute horrela.
  • Kalabaza hustuen lekukotasunak: Jolas honen bidez ikasleek gure aurreko bizimodua nolakoa zen ulertuko dute. Arimen Eguneko kalabaza-jolasen ohitura ezagutuko dute, baita ahozko hizkuntza landu, gure ondare historiko eta kulturala ere.
  • Heriotza: Helburua Euskal Herrian heriotzaren inguruan dauden errituak eta sinesmenak ezagutu eta bistaratzea da, baita heriotzaren gaia naturaltasunez jorratzen ikastea.
  • Komunikazioa: Gau Beltzeko egitaraua egingo dute ikasleek, eta horren berri emateko kartel edo bideoak prestatuko dituzte, Ideiak sortuko dituzte, hautatu eta adierazi, harremanak eta komunikazioa landuz.