Hatz10 aplikazioa

Hezkuntza arloan euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ekimen egiten dira geurean, eta horietako bat da Ikastolen Elkarteak sortu duen Hatz10, mekanografia ikasteko programa, euskara eta euskal kultura oinarritzat dituena.

Gaur egun oso hedatuak daude teknologia berriak eta denek izaten dugu, tarteka bada ere, teklatu bidez testuak idazteko beharra. Gure betebeharrak erraztu eta azkartzeko, oso lagungarri izaten da tekla guztien posizioak eta hauek erabiltzeko teknikak ezagutzea, hatz guztiekin eta teklatura begiratu gabe idatzi ahal izateko.

Hatz10 aplikazioa

Ikastolen Elkartean garaturiko Hatz10 web aplikazioari esker, teklatua modu zuzen eta eraginkor batean erabiltzen ikasten da euskarari berebiziko garrantzia emanez. Interface eta testuak euskaraz egoteaz gain, euskal curriculuma kontuan izanik, geure kulturako hainbat bertso, olerki, abesti eta bestelako testuak gehitu dituzte. Teklatuko elementu guztiak ikastearren, ingelesa, frantsesa edo gaztelerazko espresio batzuk ere daude.

Euskarri honen bitartez, mekanografia ikasteaz gain, teknologia berrietan euskal presentzia bermatzea bilatzen da.

www.hatz10.eus