Ikastolen jaiak ospatu ezin izan diren honetan, ez genuen urtea zapore mingotsarekin agurtu nahi, eta bost jaiak batzeko ekitaldia ospatu dugu Donostian. Horrez gain, elkartasun eskaera luzatu dugu, aurtengo jaien ikastola antolatzaileei laguntza emateko.

Azaroaren 21ean ETB1en ikusiko ahalko da Ikastolak Herriari ekitaldia.

ikastolak herriari

Bizi dugun Osasun-krisia dela eta, aurten ez dugu aukerarik izan Ikastolen jaiak ospatzeko. Esan beharra dago urtean zehar herri mailako hainbat ekitaldi egin dituztela askok, kultura zein hezkuntza arlokoak. Dena den, bost jaiek ekitaldi nazional bat egitea erabaki zuten: Ikastolak Herriari.

Ibilaldia, Herri Urrats, Kilometroak, Araba Euskaraz eta Nafarroa oinez bertan behera geratu ostean, euskara eta euskal kultura abiapuntu izan dugu ospatutako jaialdian. Azaroaren 13an egin dugu, Donostiako Kursaal Jauregian. Pandemiaren ondorioz, aforoa 400 pertsonetara mugatu dugu, eta sarrera guztiak agortu ditugu.  

Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga bikote ezagunak aurkeztutako ekitaldia ez zen bide onetik hasi, Anje Duhaldek ezin izan baitzuen parte hartu. Dena den, berarekin jotzekoak ziren Pauline eta Juliette bikote lapurtarra irten ziren oholtzara, ikusle guztiak hunkituz.

Xabi Solano irten zen ondoren, bere arreba eta taldekideekin batera. Gainera, trikitixa doinu bizien erritmora aritu ziren Kimua Dantza Kolektiboko lau dantzari. Nogen boskote donostiarra ere izan genuen, baita Demondé Quartet taldea, euskal kanta ezagunak hainbat estilotara moldatu eta a capella kantatzen.

Amaitzeko, Xabier Leturia pandero-jolea eta Korrontzi taldea izan genituen, baita Oinkari dantza taldeko hogei bat dantzari.

Elkartasun eskaera

Ekitaldian aurreratu bezala, elkartasun eskaera egin du Ikastolen Elkarteak, aurten jaien antolatzaile izan diren ikastolei laguntzeko. Horretarako, dei egin diete urtero gure jaietara etortzen diren guztiei, ahal eta nahi duten neurrian laguntza ematera. Hiru kontu korronte ireki dira:

LABORALKUTXA: 3035 0235 25 2350033541

KUTXABANK: 2095 5001 05 1063916042

RURAL KUTXA: 3008 0148 65 2922383126