“Educación tres punto cero” izeneko plataformak María Martín Santacreu elkarrizketatu du, haurtzaro eta nerabezaroan espezializatutako psikologoa.

Dioenez, guraso askok ez dakite zer nolako kalteak eragin ditzaketen beren seme-alabengan, gehiegi babestearen ondorioz. Onena eman nahi diete, eta sufri dezaten saihestu, baina gainbabesak ezbeharrei aurre egiteko eta emozioak kudeatzeko ezintasuna eragin dezake, eta hainbat kasutan antsietatea eta depresioa.

Bere iritziz, garaiak aldatu dira, eta hori nabaria da hezkuntzan ere. Lehen hazkuntza autoritatearekiko errespetuan oinarrituta zegoen. Eta guraso askok, ‘Nik diodalako’ autoritarismoa bizi izan ondoren, zalantzan jarri dute eredu hori.

Arazoa sortzen da gurasoen mugak eta arauak oso lausoak direnean, eta seme-alaben zaintzak gehiegizko babesa eskatzen duen eredu batera salto egiterakoan, psikologoaren ustez. Izan ere, azaldu duenez, hezkuntza-eredu zorrotzak bizi izan dituzten helduei buruz ari gara. Eta haiei irakatsi zietena aldatu nahi dute.

Horrez gain, indibidualismoan eta kontsumismoan zentratzen den gizartean bizi garela dio psikologoak. Eta horren ondorioz, seme-alabak ondasun preziatu bihurtu dira. Onena eman nahi diete, baita sufrimendutik babestu ere. Baina sufrimendu hori berezkoa da…

Gainera, gurasoek etxean egiten dutena ikasgelan islatzen dela aipatu du. Hala, jokabide batzuk zuzentzen ez badituzte, umeek pentsatuko dute zilegi dela beste heldu batzuekin ere horrela jokatzea. Zentzu horretan, psikologoak dio arazoa ez direla haur eta nerabeak, baizik eta helduak. Askok pentsatzen dute seme-alabei mugak jartzea autoritarioa izatea dela, baina ez da horrela. Garrantzitsua da azaltzea mugak beraien onerako jartzen zaizkiela, gainerakoekin harremanak izaten eta emozioak kudeatzen irakasteko.

Gurasoek irakasleekin duten harremanak ere eragin handia duela defendatu du Martin Santacreuk. Azaldu duenez, seme-alabengan ondorioak izango ditu sumatzeak gurasoak mesfidati direla irakasleak dioenaz, eta ikusteak bere hezitzaile gaitasun eta irizpidea zalantzan jartzen dutela.

Hortaz, bere ustez, garrantzitsua da eskola eta familia elkarrekin joango diren eredu bat sortzea. Haurrek ikusteko ikastetxe eta familiaren artean elkarlaneko giroa dagoela.

Gainbabesak dituen ondorioak

Psikologoak dioenez, gizartean bizitzera egokitu ahal izateko, garrantzitsua da gure emozioak kudeatzen ikastea. Gainbabesaren ondorioz, haurrek ez dute amorruari, frustrazioari eta etsipenari aurre egiteko estrategiarik garatzen. Horregatik, erraz izaten dituzte arazoak bizitzeak dakartzan eragozpenetara egokitzeko.

Noski, Martín Santacreuk argitu duenez, gainbabesa ez da gaur egungo guraso guztiek egiten duten zerbait. Baina areagotu egin da azken urteetan. Dioenez, hezkuntza gertatzen zaiguna konpontzeko gaitasuna dugula sentitzea da, baita gurasoek irakasten digutenetik abiatuta sortu dugun tresna-kutxa propioa daukagula jakitea ere. Izan ere, gurasoak ezin dira seme-alaben tresnak izan betiko, beraz, hobe da beren kaxa propioa nola sortu erakustea.