Educación tres punto cero izeneko plataformak elkarrizketa egin die hainbat irakasle, pedagogo, soziologo eta psikologori. Profesional horien helburu nagusia hezkuntza-sistema hobetzea da, eta horretarako, hainbat eredu pedagogiko aipatzen dituzte erantzunetan, baita etorkizunera begira egindako proposamenak ere.

Madrilgo Unibertsitateko katedratiko eta soziologoa den Mariano Fernandez Enguitak, esaterako, hezkuntzaren egoeraz hitz egin du, aldaketa sozial eta teknologikoak kontuan hartuta. Horren harira, irakasleek dituzten erronkei buruzko xehetasunak ematen ditu, hiper-gelaren kontzeptua azaltzen du eta ondorengo galdera planteatzen du: Zer behar dute gaur egungo eskolek?

Medikuntzan eta neurozientzian doktorea den Francisco Mora irakaslearen iritziz, gakoa ez da ikasgelan emozioak sustatzea, emozioz irakastea baizik. Izan ere, azaltzen duenez, burmuinak emozioa dagoenean besterik ez du ikasten. Bere helburua, hortaz, garunaren funtzionamenduan eta emozioek ikaskuntza-prozesuan duten eraginean zentratzen da. Irakasle bikain batek edozein kontzeptu interesgarri bihurtu dezakeela pentsatu eta defendatzen du.

Etorkizunean ipini du fokoa Marc Vidal hizlari eta dibulgatzaileak. Hala, hezkuntza eremuan gertatuko diren aldaketa eta berrikuntzak azaldu ditu, robotek irakasle-paperean duten rola aztertuz. Hori saihesteko, hezkuntza emozionalaren garrantzia azpimarratu du.

Genero-aholkularia eta Espainiako Genero Aholkularitza Elkarte Profesionaleko idazkaria den Ana Fernandez De Vega De Miguelen ustez, bestalde, hezkuntzak paper garrantzitsua betetzen du genero berdintasunean, eta haurtzarotik sustatu behar dela azpimarratzen du. Esaten duenez, pertsona modura hezi behar gaituzte, ez emakume edo gizon modura.

Elkarrizketatutako beste bat da Chema Lázaro Lehen hezkuntzako irakaslea eta neurodidaktikan espezializatua. Bere helburua burmuinak nola funtzionatzen duen ulertzea da, ikaslearen motibazioa eta arreta bereganatzeko. Izan ere, bere ustez, ikaslearen arreta atzematen da, eta kontzentrazioa entrenatu daiteke.

Antonio Fernández Bravo irakasle eta hezkuntza ikerlariak dioenez, gainera, ikasleak entzuten jakitea bereziki funtsezkoa da. Esaten duenez, ikasleek aktiboki entzuten ikastearen garrantziaz aritzen gara askotan, baina zer gertatzen da irakasleekin? Horretarako, CEMA izeneko ikaskuntza-metodoa proposatu du, irakasleak eman beharreko pausuak azaltzen dituena.   

Azkenik, mendekotasun emozional eta autoestimuan aditua den Silvia Congostek, emozioetan sakontzeko beharra azpimarratzen du, adingabeak emozionalki independenteak diren heldu bihurtzea lortu ahal izateko.