haurrak eta telefono mugikorra

Datuek diotenaren arabera, hamar eta hamabost urte bitarteko nerabeen %66ak badu telefono mugikor bat, eta egunerokotasunean erabiltzen du Interneten nabigatzeko eta lagunekin komunikatzeko.

Adituek gomendatzen dutenez, nerabeak hamasei urte bete arte itxaron beharko litzateke mugikorra erosteko. Dena den, gero eta lehenago ematen zaizkie, gaur egungo gizarteak horretara bultzatzen dituelako pertsonak, eta 11-12 urteko umeek dagoeneko izaten dituzte mugikorrak.

Artikulu honetan, adingabekoen lehenengo mugikorra kudeatzeko hainbat aholku dituzue, adikzioak saihestu eta telefonoari erabilera egokia eman diezaioten.

  • Gurasoak seme-alaben eredu dira: horrek esan nahi du, ezin zaiola esan ume bati, besteak beste, bazkaltzeko momentuan mugikorrik ez erabiltzeko, helduek horixe bera egiten badute bere aurrean. Gurasoek eredu izan behar dute, hortaz, arduratsuak izan behar dute eta praktika egoki bat izan.
  • Jakinarazpenak isildu: adingabeko batek ez du jakinarazpenak aktibatzeko beharrik, horrek mugikorra uneoro begiratzeko ohitura eta beharra eragingo du. Hortaz, garrantzitsuak ez diren jakinarazpenak isiltzea edo desaktibatzea oso gomendagarria da.
  • Mugikorra ez da jostailu bat, komunikatzeko tresna baizik: egia esan, horrenbeste joko eta aplikaziorekin, normala da mugikorrak duen funtzio nagusia zein den ahaztea: komunikazioa. Adingabekoek ulertu behar dute zertarako daukaten mugikorra: lagunekin geratzeko, eskolako lanei buruz galdetzeko…
  • Nahitaezkoak diren aplikazioak deskargatu, besterik ez: Gurasoek jakin behar dute zelako aplikazioak deskargatzen dituen nerabeak. Ezagutu behar dituzte, apur bat aztertu… zelako arriskuak izan dezaketen jakiteko. Modu horretan, umeak orientatu ahal izango dituzte, eta elkarrekin baloratu app horiek izatea egokia den ala ez.
  • Mugikorrak momentu egokietan erabili: ikerketek diotenez, ez da batere gomendagarria lo egin aurretik mugikorra erabiltzea. Horrek lo geratzeko zailtasunak eragin ditzake, eta hurrengo egunean nekatuta esnatuko dira adingabeak. Beraz, mugikorra erabiltzeko ordutegi batzuk finkatzea oso aproposa da.